XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Baina, misteriotsu diren gauza guztien izenean!, esaidazu, zer da zure massa Willek egin behar duena sega eta hondea-aitzur hauekin?

- Ez iezadazula galdetu ez dakidana, massa, baina deabruak berak eraman nazala massa Willek nik baino gehiago badaki honetaz.

Hau dena mamorro arraio horrengatik bait dator.

Bere pentsatze ahalmen guztiak mamorro hark irentsiak zituela zirudien eta Jupiterrek esanda zehaztasun gehiagorik ez nuela lortuko ulertu nuenez, txanelara salto egin eta bela zabaldu nuen.

Oso egokia zitzaigun brisa aprobetxatuz, inongo eragozpenik gabe Moultrie fortearen iparraldean zegoen kaitxo batera iritsi ginen, eta milia pare bateko ibilalditxoak etxolaraino eraman gintuen.

Arratsaldeko hirurak inguru izango ziren iritsi ginenean.

Legrand zain genuen, ezinegonak nabariki menderatzen zuelarik.

Nire eskua empressement empressement: presatasun, presa. Frantsesez jatorrizkoan. hain urduriz astindu zuen ezen zeharo asaldatuta eta lehen nituen susmoak areagotuagorik sentitu bait nintzen.

Erabat zurbil zegoen nire laguna, espektroen zurbiltasunez, eta begiek, sakon eta hitsak, zeharo normala ez zen argiz distiratzen zuten.

Bere osasunaz galde egin nion lehendabizi, eta ondoren, zertan ihardun ongi ez jakinik, ea G. tenienteak kakalardoa itzuli zion ala ez.